Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Premio Peña Ganchegui

Nabigazio-menura joan

Peña Ganchegui Saria euskal arkitekturako talentu gazteak nabarmentzeko xedeaz sortua da. Peña Ganchegui Artxiboak iragarri du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzarekin elkarlanean, eta XX. mendeko bigarren erdiko euskal arkitektorik garrantzizkoenarengandik hartu du izena.

Luis Peña Gancheguik, ikasketak Madrilen egin ondoren (Oñati 1926 - Donostia 2009), Donostian hartu zuen egoitza, eta ospe handia izan zuen bere lehen obratik bertatik (Vista Alegre dorrea, Zarautz, 1959). Ospe hori areago sendotu zen Trinitate Plazaren eraikuntzarekin (Donostia 1963), zeina Peña Gancheguik udal-arkitekto gisa egin zuen aldi laburrean bideratu baitzuen. Trinitate Plaza proiektu aitzindaria izan zen Parte Zaharraren barruko hiri-hutsune bat espazio publiko gisa tankeratzen, eta agerian jarri zuen Peña Gancheguik testuinguruarekiko zuen sentiberatasun berezia, baita aurretik zegoenarekin solasean jarduteko zuen ahalmen handia ere.

Urteekin sendotu egin zen Peña Gancheguik Lekuaren Arkitekturaren gisa zuen maisutasuna, eta, hala, era askotako soluzioak baliatzen zituen egoerarik desberdinetan. Obra zabala eta zorrotza da harena, nagusiki etxebizitza sailek, ekipamendu publikoek eta industriarako eraikinek osatua, eta beste ezerk ez bezala definitzen du zer printzipio diren beharrezkoak arkitektura modernoa Euskal Herriko hirien eta landaldealdearen fisonomiara egokitzeko. Baina obra bat baldin bada Peña Ganchegui Paisaiaren Arkitekturaren maisu gisa betikotzen duena, hura da Tenisaren Plaza (Donostia, 1976). Tenisaren Plaza, Eduardo Chillidaren Haizearen Orrazia eskultura-multzoaren atarikoa, Naturaren, artearen eta arkitekturaren arteko sinbiosi bikaina da, eta orobat da Gipuzkoako hiriburuko espaziorik adierazgarrienetako bat eta euskal arkitektoaren obrarik goretsiena.

Peña Gancheguik Euskal Herriko Arkitektura Eskola fundatu zuen, eta beti uztartu zituen jarduera profesionala, bere estudioaren buruzagitzan, beste jarduera paralelo batzuekin, irakaskuntzaren munduarekin eta kultura arkitektonikoarekin loturik beti ere. Luis Peña Gancheguik bere ibilbidean zehar eskuratu dituen sari eta aitorpenen artean, honako hauek azpimarratu behar dira: Munibe Saria, Eusko Jaurlaritzak 1997an emana; Antonio Camuñas Saria, Camuñas Fundazioak 1999an emana; eta Espainiar Arkitekturaren Urrezko Domina, 2004an Espainiako Arkitektoen Kontseilu Nagusiak emana.