Ane Arce eta Iñigo Berasategui arkitektoak, AZAB estudioko kideak, Euskadiko Arkitektura Gazteari emandako Sariaren bigarren edizioko irabazleak izan dira. Peña Ganchegui Artxiboak ematen du saria, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean.
Irabazlearen sariaz gain, epaimahaiak aipamen berezia eman dio ELE Arkitektura-ri, Eduardo eta Eloi Landiak osatutako taldeari. Haren lana ikus daiteke, irabazleekin eta gainerako lau talde finalistekin batera, Euskadiko Arkitektura Institutuan instalatutako erakusketan.
Santa Teresa Komentuan, aipatutako Institutuaren egoitza nagusian, izan zen atzo sari banaketa. Ekitaldian Iñigo Urkullu Lehendakaria izan zen beste hainbat agintari nagusiren artean, eta MUGAK, Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren bigarren edizioaren irekiera ekitaldia izan zen.