Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Inscripción Abierta 2019
Premio Peña Ganchegui

Nabigazio-menura joan

2017/10/06: PAUZARQ, 2017ko Peña Ganchegui Saria.

Donostiako PAUZARQ estudioa Elena Usabiagak eta Felipe Aurtenetxek osatzen dute, eta atzo arratsaldean Euskal Arkitektura Gazteari emandako saria jaso du Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolaren eskutik. Saria Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak sortu du Peña Ganchegui Artxibategiarekin lankidetzan, arkitektura-ibilbide gazte bat aitortzeko eta aldi berean garapen bidean den proiekzioko karrera bat bultzatzeko.

Peña Ganchegui sariaren lehen edizioaren banaketa hiriburu donostiarreko Santa Teresa Komentuan izan da, Euskadiko kulturaren eta arkitekturaren erakunde-ordezkariak eta profesionalak bildu dituen ekitaldi batean.

Lluis Clotet, Ángela García de Paredes eta Carlos Quintáns arkitektoek osatutako epaimahaiak, Peña Ganchegui Artxibategiko zuzendari Rocío Peña eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Arkitektura zuzendari Pablo García Astrainekin batera, PAUZARQ estudioak egindako proiektuen arteko koherentzia baloratu du, eta “arkitekturaren eraldatze-gaitasuna zer argitasunez ulertzen duten, funtsezkoa eta aldakorra zer den ulertuta, eta bistakoa da egituraren ulermena, haren garrantziarekin eta hura erakusteko moduarekin”. Era berean, epaimahaiak nabarmendu nahi izan du zer antolakuntza egokia ezarri duten haien proiektuetan, argitasuna eta ordena lortuta, eta arreta berezia eman diote Dimako (Bizkaia) Aurtenetxe Bekoa baserrian egindako birgaitzeari, bereziki egokitzat jo dutena.

Epaimahaiak, gainera, hiru aipamen berezi eman ditu: Carlos Garmendiari, eraikita dagoen horretan aldaketa garrantzitsuak egiteko trebeziagatik, antzinakoaren gainean azalera berri dotoreak gainjartzean oinarritutako eragiketa arinen bidez; Daniel Ruiz de Gordejuelari, diziplina-argudio argi batzuei jarraitzen diela antzematen zaiolako, proiektua garatzean ahultzen ez direnak, emaitza formal ez apriorizko batzuk lortuta; eta MUGARAko Ander Rodríguezi, bere proiektu bakoitzean ezartzen duen ikerketagatik eta esku-hartze txikiak gai garrantzitsu bihurtzeko gaitasunagatik, barandak edo espazioen mugak arrazoi bihurtuta zenbait eremu narratibo eta konstruktibo indarrez miatzeko.

Epaimahaiak beste lau finalisten lana ere nabarmendu nahi izan du: Jon Ander Aguirre; Iñaki Albistur eta Raquel Ares, ARQUIMAÑAkoak; Eduardo eta Eloi Landia, ELE ARKITECTURAkoak eta Diego Sologuren, hautagaitza horiek dituzten lan-ildo berezien interesagatik.

Iñaki Arriola sailburuak lehen edizio honetan aurkeztutako lanen kalitatea nabarmendu du eta adierazi duenez, sari horien helburua da “Euskadiko arkitektura-produkzioaren etengabeko berritze eta hobekuntza zaintzea eta gazteenei laguntzea. Izan ere, askotan egoera bereziki konplexuei egiten diete aurre, are gehiago eraikuntzaren sektorean urte askotan zehar krisialdi luzea iragan ondoren”. Ildo berean, Pablo García Astrainek "arkitekto gazteak direla hain zuzen sariak dakarren bultzada eta ohoreztapena gehien behar dutenak" adierazi zuen.

Bestetik, Rocío Peña pozik agertu da sari honen lehen edizioa beteta ikusteaz, “gure aitaren figurarentzat aitorpena izateaz gain, gure inguruneari lotutako arkitekto gazteek egindako kalitateko arkitektura bat aitortzen duelako”. Peña Gancheguiren alabak eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari bere ekimenagatik; hautagai guztiei, egindako ahaleginagatik, eta epaimahaikideei, “hiru arkitekto ospetsu, haien parte-hartzea benetako luxua izan delako”.