Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Premio Peña Ganchegui

Nabigazio-menura joan

Oinarriak

Peña Ganchegui Artxiboak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzarekin elkarlanean, PEÑA GANCHEGUI Saria iragartzen du, Euskal Arkitektura Gazteari emana, eta, banaka nahiz taldeka, beren eginkizun profesionala Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan garatzen duten edota gaitzen dituen titulua bertan eskuratu duten arkitektoei zuzentzen zaiena.

Saria bi urtez behin emango da, eta Luis Peña Ganchegui arkitektoarengandik hartu du izena (Oñati 1926 - Donostia 2009), hura baita XX. mendeko bigarren erdiko Euskal Arkitekturaren erreferenterik garrantzizkoena.

1. Helburuak

Sari hau arkitektura-ibilbide gazte baten balioa aitortzeko asmoaz ematen da, eta aldi berean proiekzio zabaleko karrera hasi berri bat nahi da bultzatu, ikusgaitasuna emanez, praktika profesional ereduzkoa izateaz gainera, kultura arkitektonikoa bultzatzen, garatzen eta sendotzen laguntzen duten ekarpenei.

Saria ez zaio emango, beraz, obra edo lan jakin bati, hainbat eratakoa izan daitekeen lan-multzo bati baizik: arkitekto batek edo zenbait arkitektok gidaturiko arkitekto baten edo talde baten ibilbide nabarmentzen hasia saritzen du lehiaketa honek, gaitasuna ematen duen titulua eskuratu ondorengo lehen 10 urteen baitan.

2. Hartzaileak

Arkitekto guztiak aurkeztu ahal izango dira sari honetara, edota arkitektoek gidaturiko ekipo guztiak, baldin egiaztatzen badute, baldintza geografikoa betetzeaz gainera (Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan izatea jardueraren egoitza edota bertan eskuratu izana gaitzen duen titulua), 2007ko ekainaren 15aren ondoren eskuratua dela gaitzen dituen titulua. Taldeak direnean, taldeko arkitekto kide guztiek bete beharko dute baldintza hori.

Ezingo dute Peña Ganchegui sariketan parte hartu familiaren eta lanaren aldetik Epaimahaiko kideekin loturarik duten arkitektoek, ezta aurreko edizioren batean sari hau eskuratu dutenek ere.

Hautagaiek berek aurkeztuko dute beren hautagaitza, beren merituen berri emanez, zeinen artean egon baitaitezkeen obrak, proiektuak eta ikerlanak, beti ere arkitekturaren alorrari ekarpen bat egiten badiote, esparru eta eskala guztietan, hasi objektuen diseinutik eta lurraldeko interbentzioetara arte.

3. Hautaketa-irizpideak

Epaimahaia beregaina da lanak epaitu ahal izateko egokitzat jotzen dituen prozedurak ezartzeko, ahalmen profesionaleko, originaltasunezko, berrikuntzazko, koherentziazko irizpideak balioesteko xedeaz, baita epaimahaiak bere iritziz baliatzea erabakitzen dituen beste irizpide batzuk ezartzeko ere.

4. Epaimahaia

5 kidek osatuko dute epaimahaia, eta haien artean egongo dira, hitzarekin baina botorik gabe, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde eta Etxebizitza Saileko ordezkari bat eta Peña Ganchegui Artxiboko ordezkari bat, eta kanpoko beste hiru kide erantsiko zaizkie haiei, zeinetarik bi gutxienez arkitektoak izango baitira. Idazkari bat ere izango da, hitzik eta botorik gabe, Peña Ganchegui Artxiboak izendatua.

Peña Ganchegui Sariaren Lehen Edizioaren Epaimahaiak kanpoko bost kide izango ditu, honako hauek:

Lluis Clotet i Ballús (Bartzelona, 1941). Bartzelonako ETSAn eskuratu zuen arkitekto-titulua, eta Federico Correa eta Alfonso Milàrekin elkarlanean jardun zuen “Studio PER" sortu baino lehen, 1964. urtean, Pep Bonet, Cristian Cirici eta Óscar Tusquets-ekin batera; Óscar Tusquetsekin 1981 arte jardun zuen elkarlanean. 1989. urtean Ignacio Paricio-rekin hasi zen lanean, eta harekin batera saritu zuten 1999an Ondare Kulturaleko Sari Nazionalarekin. 2010ean Arkitektura Sari Nazionala eman zioten.

Ángela García de Paredes (Madril, 1958) doktore arkitektoa da, Madrilgo ETSAn eskuratu zuen arkitekto-titulua, eta Proiektu irakaslea da bertan. José M. García de Paredesekin elkarlanean aritu ondoren, Paredes Pedrosa Arquitectos estudioa sortu zuen 1990ean Ignacio Pedrosarekin batera. Ángela García de Paredesen obrak ondoko sari hauek eskuratu ditu: 2014ko Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina, 2007ko Espainiako Arkitektura Sari Nazionala, Madrilgo Arkitektura Saria, Mansilla Saria, Ingeniaritza eta Arkitekturako Eduardo Torroja Saria, eta Ondare Arkitektonikoko Interbentzioaren AADIPA Europar Saria.

Carlos Quintáns Eiras-ek (Senande-Muxía, 1962) Madrilgo ETSAn eskuratu zuen arkitekto-titulua, eta 1990az gero Eraikuntza irakaslea da bertan. Quintáns Raya Crespo estudioko kidea izan zen 2002ra arte, eta Proiektu irakaslea izan da Bartzelonako ESARQ-en, baita Tectónica aldizkariaren eta Tectonicablog webgunearen zuzendaria ere, sortu zenetik. Iñaqui Carnicerorekin batera, Espainiako Pabiloiaren komisarioa izan zen 2016ko Veneziako Bienalean, eta Urrezko Lehoia eman zioten.

5. Saria

Epaimahaiak 10 finalista hautatuko ditu gehienera, eta haien artean hautaketa eginez esleituko da saria, bakarra, 6000 €koa. Aukeratzen diren hautagaitzei sinestamendu bat emango zaie, Peña Ganchegui Sariko Finalistak izan direla adieraziz; saritutako arkitektoaren edo taldearen kasuan, sinestamendu horrek formatu berezia izango du.

6. Zabalkundea

Sariak bere zabalkunde-plataforma propioak izango ditu, eta ondorengo url honetan eskura daitezke: premio.ganchegui.com. Hantxe argitaratuko da Peña Ganchegui Sariarekin loturiko informazio oro, bai deialdiaren fasean, bai erabakia hartu ondoren, eta hantxe jakinaraziko da orobat sariketaren emaitza eta emango da saritutako lanen berri. Lan horiek, bestalde, erakusketa batean eta/edo argitalpen baten bidez zabal ahal izango dira.

7. Izen ematea

Sariketara aurkeztu ahal izateko, uztailaren 25a baino lehenago eman behar dute izena hautagaiek. Horretarako, 20 € ordaindu beharko dute “La Caixa”ko ES50 2100 5092 11 0200067386 kontu-zenbakian, azalpen gisa “Premio Peña Ganchegui Saria” ipiniz, eta hautagaiaren edo taldearen izena adieraziz (dagokiona), sariketaren weborrian helburu horretarako dagoen online inprimakia betetzeaz gainera (http://premio.ganchegui.com). Honako informazio hau eskatzen da: hautagaiaren edo hautagaien izen-abizenak; tituluaren data; tituluaren lekua; lanaren lekua; harremanetarako helbidea, telefonoa eta e-posta. Aldi honetan, izen ematearen kuota ordaindu dutelako egiaztagiria aurkeztu beharko dute hautagaiek, modu telematikoan.

Hautagaitzak 2017/09/05 baino lehen aurkeztu beharko dira, sariaren weborriko online aplikazioaren bitartez, eta PDF artxibo bat edo gehiago izango dira, haien artean:

Aurkezpen-memoria bat, DinA4 bertikal formatuan, epaimahaiak balioesteko aurkezten den ibilbidearen berri ematez. Memoriaren luzera, gehienera, 500 hitzekoa izango da.

6 orri gehienera, DinA3 horizontal formatuan, eduki eta konposizio librekoak, Peña Ganchegui Sarian parte hartzen duen ibilbidea azaltzen duen material grafikoak eta/edo idatziak osatuak.

Peña Ganchegui Sarian parte hartzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa.

8. Oinarrien onarpena

Peña Ganchegui Sariketara aurkezteak esan nahi du hautagaiek ontzat ematen dituztela sariketaren oinarri guztiak, eta orobat esan nahi du beren adostasuna ematen dutela sariketaren antolatzaileek erabil dezaten aurkezturiko dokumentazioa osatzen duen material guztia, egokitzat jotzen diren erakusketak eta/edo argitalpenak egiteko xedeaz.

Oinarri hauen interpretazioari buruzko ezein zalantza sortuko balitz, epaimahaiak ebatziko du, eta haren erabakia apelaezina izango da.

9. Egutegia

2017/06/15: Peña Ganchegui Sariaren deialdia

2017/07/25: Izen ematea formalizatzeko epemuga

2017/09/05: Hautagaitzak emateko epemuga

2017/10/05: Saria erabaki eta emateko ekitaldia

10. Kontsultak

Deialdiari buruzko kontsultak e-posta helbide honetara bidal daitezke: premio@ganchegui.com